lunes, 9 de diciembre de 2013

RAKEL: ULERMENA


Ikasle eta lagun horri

Aurreko ikasturte osoan zehar nire jardun aspergarriak jasan eta gero, orain patxadan idazten dizut, zutaz oroitzen bainaiz. Lehen ikasle zintudan, irakasle ninduzun. Orain, ordea, lagun bezala idazten dizut. Euskara irakaslea askotan ikaslearen lagun izatera iristen baita.
Gogoratzen naiz ederki asko iragan kurtsoa nola hasi zen. Zu, zeure lagunekin batera, zain zeunden, irakasle lanetan beranduago hasi bainintzen, nolako irakaslea tokatu ote zitzaizun zain. Iritsi nintzen, neure burua aurkeztu nuen, asmoak azaldu nizkizuen, eta lanean hasi ginen. Egun hartan, beste egun askotan bezala, neronek asko hitz egin nuen, gehiegi ziur asko. Zu, zeure lagunekin batera, isilik zeunden. Ez zenuen irakaslea hautatzeko eskubiderik izan, bestek ezarritako irakaslea onartu beharrean zeunden, irakasle berri bat, ezezaguna bera, agoantatu beharrean.
Gogoratzen naiz. Lehen klase hartan halako sokatira ere jarri zenidaten. Zigarrotxoak erretzea debekaturik egon arren, zuek eta nik jasan beharreko debekua noski, bizpahiru han atzean, erretzen hasi zineten, nik zer eta nola erantzungo zain. Joko hartan ez zen irabazlerik gertatu eta aurrera jarraitu genuen.
"Mikel, klaseak aspergarriegiak dira —esaten zenidaten behin eta birritan—, jolas-giro hobea lortu behar duzu, lanean gogoz jarrai dezagun".
Ez zen erraza, zuek ere, egia esan, askotan ez baitzenuten lanerako gogo handirik erakusten. Hala ere, kontent nago egin dugun lanarekin, izan dugun harremanarekin, lortu dugun giroarekin.
Badut, eta garrantzi handikoa da orain esango dizudana, badut euskara ikasiko duzun esperantza, are gehiago, ziurtasuna. Badut hemendik aurrera biok elkar ikusten dugunean, euskaraz hitz egin ahal izango dugulako itxaropena. Badut gure artean loratu den adiskidetasunak aurrerantzean ere jarraituko duen ametsa. Irakasle ninduzun, ikasle zintudan, baina orain oharkabean agian, lagun zaitudalakoan nago.
Ez zinen agintekeriaren zale, araudiek eta aginduek ez zizuten onik egiten, klaseko harreman formala baino pertsona arteko komunikazioa maiteagoa zenuen. Eta giro horretan asko irakatsi zenidaten.
Zuri eta zure lagunei esker, ilusio berri bat sortu zitzaidan. Gazteak ulertzeko argibiderik eskaini zenidaten. Egia diotsut, gaztetu egin ninduzuen. Neronek irakatsi dudanagatik ez bada ere, zuek niri irakatsi didazuenagatik, ikasturte aberatsa izan da niretzat.
Datorren kurtsoan ez zaitut ikasle izango. Halaz ere, lagun bezala gogoan izango zaitut.
Datorren urtean irakasle berri bat, ezezaguna ziur aski, izango duzue. Ilusioz beterik joango zaizue, eta beharbada, lehen klasean halako sokatira-frogaren bat ere ezarriko diozue. Lagun berri bat egiteko zoria izango duzu, euskara ikasteko egokiera, pauso berri bat emateko parada. Eta horrela, lagunago ez ezik, euskaldunago ere izango zaitut.


galderak erantzun:
http://www.ikasbil.net/murgilduz/murg0414.htm


HABE aldizkaria, 93. zenb., 5. or.

No hay comentarios:

Publicar un comentario