lunes, 9 de diciembre de 2013

RAKEL: ULERMEN TESTUA 2


Titanic-en hondamendia

Titanic, orduan munduko ontzirik handiena, lehen aldiz zihoan itsasoz itsaso. Luxozko gelak, tenis-pistak, jangelak eta joko-gelak ikusi eta probatu nahirik, pertsonaia ospetsuak bildu ziren ontzira.
Ingalaterratik irten eta bost egunen barruan, iceberg izugarri bat jo zuen; zerbaitek ontziaren saihetsa ukitu izan balu bezala.
1912ko apirilaren 14ko hamabiak laurden gutxi ziren. Dantza eta joko-saletan ugari zen jendea. Musikak eta iskanbilak takatekoaren hotsa hil egin zuten. Ia inor ere ez zen kezkatu, ez arrenkuratu ere.
Iceberg-a, segundo batzuk lehentxeago ikusi zuen trapan zegoen gabiazainak, berehala jo zituen ezkila eta telefonoa, gida-tokira.
— Erne, iceberg bat brankan!
Une batzuez Titanic-ek bere bideari jarraitu zion izutu gabe. Gida-tokian guardian zegoen lehen ofizialak, ezkerraldera biratzeko agindu zuen. Maniobra, ordea, geldia izan zen, eta iceberg hark —bazuen hogeita hamar metroko altuera— ontziaren eskuinaldea jo zuen.
Makina geratzea komeni zela iruditu zitzaion ofizialari, zein nolako matxura eta kalteak egin zitzaizkion ikusi arte. Bere gelan lasai zegoen Eduard Smith kapitainari dei egin zion. Mister Smith oso aztoratua sartu zen gida-tokira.
— Iceberg bat jo dugu. Ez dakit zenbaterainoko kalteak egin dizkigun —esan zuen laburki lehen ofizialak.
Kroskoa 90 metrotan dago ebakia. Lau konpartimendu urez beterik daude, eta laster beteko da bosgarrena ere. Hondora goaz erremediorik gabe.
Gauerdiko hamabiak. Kapitainak bidaiariei esan die, salbamendu-jakak soinean dituztela, kubiertan bildu behar dutela. Lasaitasuna izan dezatela gomendatu die. Berehala pasako direla-eta txalupetara.
Albiste honek halako harridura sortzen du. Uste osoa baitzuten ontziaren boterean, eta ez dute sinesten deusen arriskurik datekeenik.
Salbamendu-metodoek nola erantzuten duten ikusteko dela esan zaie. Baina egoera oso larria da. 2.207 pertsona dira ontzian, eta txalupetan 1.178 besterik ez daitezke sar, erraz ibiliko bada.
Hamabiak eta laurdenetan, Phillips telegrafilariak laguntza eske deia egiten du. Hargailu askok jaso du deia. New York-en ere jaso da, eta berehala daki munduak berri harrigarri hori.
Carpathia ontziak ere jaso du mezua, eta bat-batean erantzuten du:
— Aditzen dugu egoera. Zuengandik berrogeita hemezortzi miliatara gaude. Ziztu bizian hurbilduko gatzaizkizue. Ordu bata laurden gutxitan brankarantz itzuli da pittin bat ontzia. Iskanbila izugarriaren artean, bidariek txalupetan tokia hartu nahi dute.
— Emakumeak eta haurrak bakarrik! —dio oihuka maniobrez arduratzen den ofizialak.
Lehen txalupa jaisteko agindua eman da. Izu-ikara hedatzen ari da, eta zenbait gizon borrokan ari dira, bere burua salbatu nahirik. Beste zenbait, berriz, egonarri handiz dago: ontzi-mutilei laguntzen diete beren lanetan, eta jendea animatzen dute lasai ibil dadin.
Gida-tokitik, ofizial bat seinale zuriak botatzen hasi da. Titanic hondora doa.
Jendea lasaitzearren, ontziko orkestra txopako toldopean bildu da, eta musika modernoa jotzeari ekin dio. Ez du asko balio: bidaiari gehienak izuak hartu ditu, eta jendeak etengabeko garrasiak egiten ditu. Ofizial batzuek beren armak erabili behar izan dituzte ordena jartzeko.
Ordenarik gabe ari da jendea ontzitik alde egiten. Berrogei pertsona eraman dezakeen zenbait txalupa, hamabirekin bakarrik jaisten da. Beste batzuk, berriz, ia hondoratzeko eran, kargatuegi.
Ordu bata eta hamarrean txalupa guztiak uretan dira. Orain haize-txalupak jaisteari ekin zaio. Titanic geroz eta okerrago dago, eta ura branka ari da hartzen. Aldapan dago ontzia eta ibili ere ezin da egin
Kasu hunkigarriak ere badira. Mister Guggenheim eta honen laguntzailea etiketaz jantzi dira; beraiek diotenez, "zaldunei dagokien eran hiltzeko". Adiskide bati agur esatean, mister Guggenheim-ek honela dio:
— Nire egitekoa aldioro betetzen saiatu naizela jakin dezala nahi nuke ene emazteak.
Neska batek andere bati utzi dio tokia, esanez:
— Igo zaitez, otoi. Seme-alabak dituzu zain.
Goizeko ordu bietan txalupa guztiak itsasoan dira.
Smith kapitainak, kubiertan gelditu diren marinel guztiak bildu ditu eta honela diotse:
— Egin dituzue ahaleginak. Libre zarete orain. Zeuon burua salba ezazue.
Batzuek ur hotzetara jauzi dagite, eta ontziaren ondotik igerika urruntzen saiatzen dira. Baina gehienek, ontzian gelditu diren bidaiariengana hurbiltzea erabaki dute eta otoitz egitea.
Orkestrak eliz kanta jotzen dihardu. Bien bitartean, ontziaren egileak, Mister Andrew-ek, salan dirau, lasai erretzen. Ordu biak eta laurdenetan dena galdua da. "Hondorakaitza" deitu zuten ontzia, brankatik hasi da hondoratzen. Ura gida-zubiraino igo da. Bidaiari batzuk txoparaino atzeratzen dira. Mugitu ez direnak uhinek daramatzate ilunpetara.
Argi elektrikoek azkenera arte argitu dute koadro izugarri hura.Bat-batean, horiztatu eta itzali egin dira. Masta baten tontorrean bakarrik ageri da petroliozko argiontzi bat.
Ura tximinietariko batetik sartu denean, txinpart zaparrada bat altxatu da iluntasunean, erraldoiaren azken agurra bailitzan.
Ondoren, geroz eta azkarrago, ura txoparantz etorri da.
Ordu biak eta hogeian suntsitzen da itsasoan Titanic-en azken masta. Txalupetakoak ikuskariari begira daude, izu-ikaraz beterik. Konpartimenduetan sartzean urak dagien hotsak, galduen garrasiekin batera, zarata ikaragarria egiten du. Lauretan, Carpathia heldu zen gertakizunen lekura, itsasoan galduak jasotzera, Denak kubiertan bildu dira, zurbil, isilik, ahaide eta adiskideen aurpegi ezagunen bila.
Carpathia-ko itsasgizonek eta Titanic-eko bidaiarien artetik bizirik gelditu zirenek, ospakizun erlijioso bat egin ondoren, New York-erantz abiatu zen barkua.
Atlantikoko ur hotzetan 1.502 pertsona hil zen zoritxarreko gau hartan.

LABURPENA IDATZI.
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario