lunes, 9 de diciembre de 2013

RAKEL: ULERMEN TESTUA 4


Imanol Larzabal

Antiguo auzoan jaio zen 1947an. 5 urterekin hasita Gabon Kantak ikasi, pandero bat hartu eta etxez etxe ibiltzen zen lagunekin Gabon eskean.
Argia taldean 17 urterekin sartu zen.
Kartzela ezagutu zuen 1968an eta han egin zuen bere lehendabiziko kanta. Handik urte betera kartzelatik irten zenean, jendearen kontzientzia politikoa esnarazteko, plazaratzea pentsatu zuen. Honela, 1969tik 1971ra bitartean jaialdi asko eman zituen Mikel Arregi eta Xabier Larrea edo Xalbardinekin batera.
Garai hartakoa da "Ez jaia, ez dantza" kanta. Anaitasunak polemika sortu zuen, herriaren egoera ikusirik, festaren alde edo kontra azaltzen zirenen artean.
Orduan "Guerrilla cultural" bat eratu zuten Imanol eta bere lagunek. Festarik festa ibiltzen ziren, txistulari batekin, tabernetan kantatzen. Ia urte betez aritu ziren.
"Epoka hartan radikalegia nintzen -aitortzen digu Barandiaraneko atarian kroisantea kafesnetan bustitzen ari den bitartean. Orain ikusten dut Ez Dok Amairuk egindako lana askoz aberatsagoa zela; haien linea oso interesantea zen. Orduan niri iruditzen zitzaidan ez zirela gehiegi bustitzen borrokan, horregatik pixka bat distantzia hartu nuen. Orain pentsatzen dudana da arrazoia zutela erabat, zeren haien posizioa zen artista bat edo arte bat ez dela partidu batekin lotu behar, gauza independiente bat izan behar duela, eta beren lana oso interesantea izan zen, eta fruituak ikusi ditugu, poesia, kalitatea, eta ez da egia ez zirela bustitzen, nik uste Leteren zenbait letra, Laboak abesten zituen Brecht-enak, majuak zirela".
1971n Iparraldera erbesteratu zen. Ziburun jarri zen bizitzen, baina lanik ez zegoenez, Bordelera joan zen. Han egin zuen bere bigarren diskoa eta hor sartu zuen "Zuek hil zineten" kanta. Gero Parisa joan zen eta han Paco Ibafiez ezagutu zuen. Honek eragin handia izan zuen berarengan. "Pacok profesionaltasunaren inportantzia erakutsi zidan, eta poesiaren munduan sartu ninduen, bera niretzat klabea izan zen. Liburuak pasatzen zizkidan, diskoak, nik nere gisa eboluzionatzeko".
Parisek bi gauza eman zizkion Imanoli. Pertsona bezala irekitasuna, kosmopolitismoa eta kultura aldetik aberastasun handia.
1976an Hegoaldera itzuli zen, eta giro txarra aurkitu zuen; berriz ere Parisa itzultzekotan ibili zen, baina, azkenean, gelditzea erabaki zuen. Zentsurarekin ere izan zituen zenbait arazo.
"50 kantu eraman nituen eta 7 bakarrik utzi zizkidaten, 43 zentsuratuak.
Hortik ezin zitekeela bizi eta jateko euskarazko klaseak ematen hasi nintzen E.U.T.G.n."
Azkenean, baimenak lortu zituen eta profesionalizatzeari ekin zion. 1977an "Lau Haizetara" diskoa atera zuen Gwendalekoen laguntzarekin.
1979an "Sentimentuen auspoa" egin zuen eta talde bat sortu zen disko horrekin: klabelin komik.
Disko jazzistikoa da oso, apur bat rockeroa ere bai, Itoiz eta Errobik hasitako bidea zabaldu egiten du. Orduan Imanolen etapa elektrikoa hasi zen, 1980an "Jo ezan" diskoarekin amaituko zena.
Disko honen ondoren klabelin komik taldea utzi zuen. Taldea berbenak jotzen hasi zen eta Imanolek bere bideari jarraitu zion.
"Jo ezan" atera zenean beharra sentitu nuen ni gehiago ezagutzeko, nire burua sakontzeko, poesiaren mundua gehiago sakondu nahi nuen eta instrumento akustikoen behar handia nuen, batez ere pianoa".
Ahotsa ere lantzen hasi zen eta aldaketa honen ondorio disko zoragarri bat izan zen "Iratze okre geldiak" 1982an. Disko intimista, bakartasun-zaleentzat.
1984an "Erromantzeak" diskoa atera zuen. Aurreko diskoko giro intimistaz jantzi zituen kantak, baina letrak erromantze zaharrak. Hau Imanolen aspaldiko proiektua zen. "IZkoei gustatu zitzaien, baina ez zen asko saltzeko moduko gauza. Horrela Diputazioko Kultura Sailera jo nuen eta haren diru-laguntzarekin atera zen."
Tradizioan murgildu ondoren bere bideari jarraitu zion Imanolek, poetak musikatzeari eta 1985ean "Oroituz" atera zuen.


ARISTI, P.: (1985): Euskal kantagintza berria.


1961-1985, EREIN. Donostia.


Txomin Artola

Hondarribian jaio zen 1948an. Duo Dinamico entzuten zuen gaztetan, gero Ipar Ameriketako musika entzuten hasi zen, Elvis Presley, Twist, eta abar. Halako batean Beatlesei entzun zien eta liluratuta gelditu zen.
Hamalau urte zituela aitak agindu zion gitarra bat erosiko ziola, kurtsoa gainditzen bazuen. Garai hartan gitarra elektrikoak zeuden modan.
"Gitarra elektrikoa lortu nuen eta berehala taldetxo bat antolatu nuen. Ingelesez eta frantsesez abesten genuen, garaiko kanta modernoak eta horrela. Bidasoa inguruan jaialdi asko eman genituen".
Aitaren bidez Michel Labeguerie ezagutu zuen. "Labeguerirekin konturatu nintzen kantak euskaraz egiteko modua bazegoela. Geroxeago Bob Dylan ezagutu nuen eta orduan folka interesatzen hasi zitzaidan, Simon y Garfunkel etab. Taldea utzi nuen, gitarra elektrikoa saldu eta haren ordez akustikoa erosi nuen.
21 urterekin Ingalaterrara joan zen hilabete batzuk pasatzera eta han bertako musika folka ezagutu zuen eta, hain zuzen ere, musika horiek. Ipar Ameriketako eta Ingalaterrako folkak izango dute Txominen musikan eraginik handiena.
Handik etorrita bere aitaren lagun batek esanda jakin zuen Donostian bazirela euskaraz kantatzen zutenak. Orduan entzun zuen Txominek lehendabizikoz Ez Dok Amairu izena.
"18 urte nituela Ez Dok Amairu en pleno Irunera etorri zen, jaialdi batera. Ez dut ahaztuko. Oroitzen naiz txalaparta lehen aldiz ikusi, entzun eta dena hor egin nuela. Guztiz txoratuta gelditu nintzen. Joxan Artze bere bigote haiekin ikusi nuenean ere, garai haietan Lenon-ek atera zuen moda hori, Sargento Pepers diskoan, hemen oso arraroa zen hori, jende piloak edukiko genuen holako bigoteak eramateko gogoa baina ez ginen ausartzen, ilea pixka bat luzea uzteko ere kriston borrokak izaten genituen etxean. Artze bigote haiekin txalaparta jotzen ikustea, ni liluratuta, halako batean uzten du txalaparta, aurreratzen da mikrora eta poema txiki bat botatzen du, hura oso exotikoa izan zen niretzako".
Soldaduska Saharan egin zuen eta han pentsatu zuen euskaraz kantatzen hastea, eta bertan egin zuen bere lehen kanta, umore beltz handiz. "Goizeko euri artean" izendatu zuena.
Handik etorrita, jende aurrean hasi zen kantatzen eta 1975ean "Olaxta" bere lehen diskoa atera zuen.
"Arrantzaleei omenaldi bat egin nahi nien. Aitak olerki pila bat zituen arrantzaleei buruz eta horietatik aukeratu nituen letra batzuek eta diskoa atera. Disko honetaz beti esaten dut bide erdian gelditu nintzela, oso presaka egina, lehenengo diskoa da, joaten zara estudio batera, oso ondo entzuten da dena eta iruditzen zaizu egina dagoela, baina gero pixka bat damutu egiten zara. Baina gai eta kanten aldetik oso pozik nago, ze gainera lau egunetara aita hil zen, eta pozik nago disko hori bere garaian ateratzean. Hasieran, sarrera gisa, aitaren ahotsa entzuten da eta horrek badu balore bat, agian sentimentala, baina dokumentu gisa hor dago bere ahotsa".
Aitak hau dio disko hasieran:
"Kantauri itsasoak badu euskaldunentzat halako dei liluragarri bat. Arrantzale herrikoa naizenez itsas-herria da nire kantu gaia. Arrantzalea, itsasoko nekazaria, bizi latzaren semea, minak sufritzen ondo dakik, malkorik gabe negar egiten".
Olaxtak arrakasta izan zuen. Itsasoan laino dago, edo Txurikoren istorioa oraindik abesten dira ikastoletan eta zenbait lagunartetan.
"Olaxta atera zuen, baina ez zuen jaialdik eman jende aurrean. Musiko batzuekin atera nahi zuen jende aurrea, aberastasun musikalarekin eta kantak musiko batzuekin lantzea pentsatu zuen. Modu honetan Haizea taldea sortu zuen. 1977an lehenengo diskoa atera zuten "Haizea" izenekoa, eta arrakasta handia lortu zuen.
Urte bete pasa eta Txominek taldea utzi egin zuen.
"Urte hori pasatuta konturatu nintzen Haizea niretzako oso absorbentea zela, eta ez nuela kanta berririk sortu. Pausa bat egitea erabaki nuen eta Haizea uztea, Haizeak bere bidetik jarraitu zuen eta nik neuretik".
"Haizea" taldeak segitu zuen, baina bigarren diskoa frakaso handia izan zen eta taldea desegin egin zen.
1978an Txomin Artolak "Belar Hostoak" diskoa atera zuen. Disko honen sorrera adierazteko, 10 urte atzera jo behar da. Garai hartan hippiak sortu ziren eta beraiei buruzko artikulu batean irakurri nuen hippiek walt wirman-en lanak irakurtzen zituztela asko. Horrela, bere liburua "Belar-hostoak" erosi eta irakurri nuen. Asko gustatu zitzaidan, olerki batzuk aukeratu eta euskaratu ondoren musika jarri nien.
Diskoaren hasieran eta amaieran Gotzon Alemanen ahotsa entzuten da, 1978ko udaberrian hartua.
Harrera ona izan zuen diskoak, eta haren ondoren 1979an beste disko bat atera zuen Txominek "Ttakun ttakun": Omenaldi gisa Gotzon Alemani eskainia.
Urte bete jarraitu zuen jende aurrean kantatzen, baina gero utzi egin zion kantatzeari nahiz eta kantak idazten segitu harik eta 85ean berriz disko berri bat egin —"Orbela"— eta jendaurrera agertzen den arte.

ARISTI, P.: (1985): Euskal kantagintza berria.


1961-1985, EREIN. Donostia.



Mikel Laboa

Mikel Laboa da euskal kanta berriaren "aita". Berak ekarri zuen Euskal Herrira Kataluniako nova cango mugimenduaren berri.
Donostian jaio zen 1934an. Gerra garaian aita Bordelera erbesteratu zen eta ama zazpi seme-alabarekin Lekeitioko baserri batera joan zen. "Handik pasatu ziren abioi alemanak Gernika bonbardeatzera". Laboa ttikiak gogoratzen du. "Baserri gainetik pasatu ziren eta uste genuen gureak zirela, baina zoritxarrez ez ziren". Oroitzapen hau izango da "Gernika" kantaren sorrera.
8 urte zituela Donostiara itzuli zen eta euskara galdu egin zuen. 17 urte zituela sortu zitzaion gitarra jotzeko zaletasuna, bere koinatua jotzen ikusita. Gitarra bat erosi eta kolegioan "Jango Luke" taldea antolatu zuen. Kursilada bat, bere hitzetan, Trio Guadalajararen abestiak kantatzen baitzituzten.
Zaragozan medikuntza ikasten ari zela Atahualpa Yupanquiren disko bat entzun zuen. Hemen debekatua zegoen eta lagun batek ekarri zion Bordeletik. Izugarrizko zirrara sortu zuen horrek Mikelengan.
"Handik aurrera beste aldera joaten nintzen diskoak erostera, Atahualpa, Brasseus, Violeta Parra. Ezkutuan pasatzen zituen diskoak. Disko horietako kantak abesten hasi nintzen ikasleen artean, lagun artean."
Egun batean Michel Labegueriren disko bat eskuratu zuen. Inpresio gogorra egin zion. Handik aurrera beste disko batzuk inguratzen ditu. Simon Haran pilotariak magnetofoi zaharrean herriko jendeari grabatutako kantak ziren. O Pello Pello, Bereterrecheren kantoria...
"Inpresio handia egin zidaten, koroan entzunak nituen batzuk, baina oso ezberdina da ahots batean bakarrik entzutea. Handik aurrera gure kantak ezagutzen hasi nintzen".
Zaragozatik Barcelonara joan zen, espezialidadea egitera, eta han nova canço mugimendua ezagutu zuen.
"Sorpresa handia eman zidan Barcelonako giroak. Jaialdi batera joan nintzen, jende ikaragarri izan zen, Setge Jutges abeslari taldea zegoen, eta amaieran Raimonek abestu zuen, inpresionantea izan zen, "Al Vent" abesten hasi zenean jende guztia zutik, txaloka". Kataluniako Nova Canqo inguruko jendea taberna batean biltzen zen, La Cova del Drac. "Pub baten tankerakoa zen -dio Laboak-. Kafeteria bat zen eta behean toki txiki bat zeukan hor abeslari katalanak egoten ziren, edo antzerki txikiak egiten ziren, han ikusi nuen Albert Boadella mimo saioak egiten. Tarteka estranjeroak eramaten zituzten. Nik Guillermina Motarekin abestu nuen".
Handik etorrita hasi zen Gabriel Arestiren letrei musika jartzen "Apur dezagun katea" etab. Gero Joxean Artze ezagutu zuen. Artze Ez Dok Amairuko bileretara joaten hasi zen eta horrela sortu zen bien arteko harremana. Oso garrantzizkoa Mikelentzat. Orduan Artzeren olerkiei musika jartzen hasi zen, "Bi kate" izan zen lehenengoa. Ez Dok Amairu taldea desegin zenean, Mikelek Artze anaiak eta Jose Ma Zabalarekin jarraitu zuen zenbait lan egiten. Ikimilikiliklik adibidez. Ikuskizun audiobisuala zen, filminak, tantak, txalaparta eta olerkiak zituena.
Garai honetakoa da "Bat Hiru" deituriko diskoa. Orduko diskorik onena, dudarik gabe. Aika Mutil, Bereterretche, Gernika, Pasaiako herritik, Bi kate, Hegoak. Kantu maitatuak, abestuak. Laboak estimazio berezi bat dio Bereterretche-ren Kanthariari. Disko txiki batean grabatua zuen eta hemen berriro grabatu zuen.
"Euskal Herrian izango den abestirik ederrenetako bat izango da, bai hitz aldetik eta bai doinu aldetik".
Disko honetan hiru bide finkatu zituen Laboak, eta gaur egun arte bide horietatik jarraituko du: Batetik poesiak musikatzea. Artzerenak batez ere, bestetik, kantu zaharrak lantzea, Txinaurria, Txori Erresiñola eta hirugarrenik kanta esperimentalak, Gernika edo Baga, Biga kasu.
"Baga Biga Don Manuel Lekuonaren liburu batetik hartu nuen, Literatura Oral Vasca, poema dekoratiboa, onomatopeiaz egina. Ez dut gogoratzen noiz hasi nintzen kanta esperimentalekin, ezta zergatik ere. Ez nuen esan, bueno, orain gauza esperimentalak egiten hasiko naiz. Gauza asko bibentzialak dira. Motibazioa izaten da askotan. Gernikaren kasuan txikitako oroimena eta Baga Bigarenean berriz, urte haietan Joseba Elosegik bere burua Francoren aurrean erretzeak eta gero idatzi zuen liburuak "Morir por algo" eragina izan zuten. Gauza hauek ez dira enkarguz egiten, momentu batean sortu egiten dira eta ez dakigu nola eta zergatik."
76an kanta polemikoak egiten hasi zen, politikan ilusioa zegoenean, existenzialismoan murgildu zen erabat. 78an utzi egin zion abesteari. 80ko abenduan Lau Bost diskoa atera zuen eta batek baino gehiagok pentsatu zuen bere testamentua zela, ez zuela gehiago abestuko. Gero ikusi da Laboak oraindik bizirik jarraitzen duela kantagintzan.





ARISTI, P.: (1985): Euskal kantagintza berria.
1961-1985, EREIN. Donostia.

GALDERAK ERANTZUN:
 
http://www.ikasbil.net/murgilduz/murg0518.htm

No hay comentarios:

Publicar un comentario